XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erretoretzarako hauteskundeak unibertsitate publikoan.

Apirilaren 5ean bildu egingo da Universidad del País Vasco Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU) deiturikoaren klaustroa, urtebeteko epean bertako Estatutuen prestaketa bideratuko duen errektorea formalki hautatzeko.

Unibertsitate publiko honetako Estatutuak prestatzeko prozesuan sarturik gaudela, aurkeztu den hautagai bakarra, azken hiru urteotan errektore izandakoa dugu: Goio Monreal.

Bakarra izanik, ez dirudi traba handiegirik aurkituko duenik berrizendapena lortzeko: gutxiago oraindik, berarekin batera oraingo talde errektoralekoak aurkezten direlarik eta duela gutxi klaustrorako arautegia burutzerakoan eduki duten gehiengoa ikusiz.

Alde horretatik, gauzak normalki badoaz, ez da zeresan handirik egongo, baina zernahi delarik ere, ba da zeresanik franko, hautagaiak aurkeztu duen Gobernu-Programari buruz.

Honelako eritzi-artikulu labur batetan azterketa sakonik egiteko lekurik ez dudan arren ere, zenbait eritzi orokor plazaratzera ausartuko naiz, txosten horretan adierazten diren jarrera batzutatik abiatuz, uste baitut, Unibertsitateko arazoak gutxiegi ateratzen direla kanpora, eta ostera, Unibersitate hau publikoa izanik guztion arazotzat hartu beharko genuela.

Antzokia Madrilen erabakia eta hemen onartua
Jokoaren baldintzak hauexek dira: Madrileko Kongresuan erabakitako LRU legeak (Ley de Reforma Universitaria) mugatu egiten ditu aldez aurretik gure posibilitate guztiak: hemen antzerkiaren ekitaldiak antzeztea tokatzen zaigu soilik, antzokia eta libretoa jarrita gainjarrita baitaude.

Alferrik da esatea.

Autonomi Estatuko 16. artikuluan esaten den legez irakaskuntza osoa Komunitate Autonomoaren Konpetentzipean dagola, betiko eranskinean adierazten denez Konstituzioko 27. artikuluan aipatzen den legearen barnean mugitu behar baita, hots, LRU horren barnean, beronen antikonstituzionaltasuna frogatzen ez den bitartean behinipehin.

Muga latza, arantzaduna gainera, dago jarrita.

Arazoa muga hori besterik gabe onartzean edo aldatzera saiatzean datza, horren arauera bide desberdinak aukera baitaitezke.

Ba, esandako gobernu-programan ezer susmatu badut, muga horren onarpena da, momentu batetan ere muga bera zalantzan jarri gabe, inon ere ez baita ahotsik altxatzen muga hori gainditzeko.

Aipatzen da, egia esan, zeharka bada ere, Nafarroa eta Iparraldearen arazoa, baina, ene eritziz, gehiago da saloiko ariketa gisa ez diot hautagai-taldeko batzuren asmoa ez denik, benetako pausoak ematen ausartzeko baino, zeren horrekin batera behin eta berriro azpimarratzen baita, Unibertsitate hau Komunitate Autonomo Baskongadokoa dela.

Antzokiari dagokionez, ba da beste puntu garrantzizko bat, funtzionari-sistemaren onarpenarena hain zuzen LRUren onarpenarekin batera datorrena.

Nik neuk funtzionari-sistemari diodan gorrotoa alde batetara utzita, eta praktikan mila aldiz eta baldintza desberdinetan guztiz desegokia dela zientifikoki frogatutzat eman daitekeen arren, esandakoa gutxi bailitzen gaizkoagarri bat gehitu behar zaio, hemengo ikuspuntutik aztertzean, alegia, funtzionarien eraketa maila estatalekoa izango dela.

Azalduko didazue, baldintza horietan Euskal Unibertsitaterako bidea nola litekeen posible.

Ba, kontuak nola diren, txostenean hitzik txikiena ere ez da erabiltzen sistema hori salatzeko.

Legeak horrela dio eta zer egingo diogu, ba? Ez zarete asko harrituko, adjektibo orokorrek gauzak gehiegi sinplifikatzeko duten arriskua gorabehera, errektoretzarako taldeak jarrera legalista-posibilista duela uste badut.

Hautagai-taldea eta errektoregaia
Orain dagoen talde errektoralaren inguruan hezurmamitu da hautagai-taldea: ez da harritzekoa, trantsizioko epe baterako baita.

Agian bestelako hautagai posibleek ez dute nahi izan denbora baino lehen erretzerik eta, horregatik, orain arteko errektoreari libre utzi diote bidea.

Beraz, errektoregaia, eta berarekin batera aurkezten den taldea, bakarra da.

Alde horretatik ez da zer esanik, horretarako legeak jartzen dituen mugak kritikatzeaz gain.

Ba dirudi, lehen begirada batetan behintzat, talde trinkoa osotzen dutela.

Dena den, programa aztertzen nengoela nabardura batez konturatzean, kezkaturik geratu naiz, itxurazko trinkotasun hori gure helburuetarako garrantzizkoa den puntu batetan hausten baita.

Hara zein den ñabardura.

Etengabe, asmoak agertzean, programa talde kontzeptua adierazten da, behin eta berriro la candidatura esanez, erdarazko textu jatorrizkoan.

Hala ere, Euskararen Estatutuaren defentsa aipatzean, hori defenditzen duena errektoregaia dela azpimarratzen da.

Monreal ezagututa, nik ondo dakit euskaltzalea dela eta defentsa hori egingo duela.

Baina, besteak? Ez ote dira euskararen aldekoak? Ez ote dute estaturik nahi? Dudak dauzkat, handiak gainera.

Jakin bezate, beretariko batek euskal burgesia kulturagabeziaz harrotzen dela dioelarik ere, ene ustez, modu berean, Euskal Herrian ezin dela kultutasunaz harrotu, hemengo hizkuntza ez jakinda ikasteko ahaleginik egiten ez duena, nahiz ingelesa eta frantsesa jakin, eta bai latina eta grekoa ere.

Orohar, are gutxiago euskararen normalkuntza frenatuz edo galeraziz.

Eta zoritxarrez, hori egiten dute Unibertsitate honetako irakasle askok, praktikan euskarari ahalik eta oztopo gehien jarriz.

Aurrera egin ausartziaz
Ez ditut programako beste puntuak aztertuko, luzeegi joko lidake eta.

Kontua da, Unibertsitate publiko sortuberria (hamasei urte baino ez dauzka) eraikitzen ari garela eta orain dugula aukera geure neurrira egiteko, eman nahi digutena ez baita guk nahi duguna eta behar duguna.

Aurrerapausoak emateko ausartzia behar da eta horretarako gogor jokatu behar dugu, geure erreibindikazioak argi edukiz.

Hasteko, markoa aldatu behar dugu, LRU horrek inposatzen digun jokaleku estua zabalduz, besteren artean Hego Euskal Herrirako Barruti bakarra eta guztiz autonomoa eskatuz, eta politikan ezinezkorik ez dagoela jakinez, gogoan hartuz halaber, gaur egun dugun Unibersitate hau, bere eskasia eta mugekin, ez zela posible izango, lehenago prozesu erreibindikatiborik eraman izan ez balitz.

Gauza bat da segurua, nahi duguna argi eta gogor planteatu gabe, Madrildik ez digutela emango.

Hau argi jakin behar lukete, gogor ekiteko zorioneko transferentzien zain Gasteizen daudenek.

Agian ba dakite.